euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak Asturiasko Emigrazio Museoa bisitatu du

Bi zuzendariok (erdian) eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako taldea "Quinta Guadalupe" jauregitxoko sarrerako atearen aurrean.

2018.eko abenduak 10

Abenduaren 5ean Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak Colombres-era (Asturiasko Printzerria) egin du bidaia, hango Indianoen Artxibategi Fundazioa-Emigrazio Museoa egiten ari den lana bertatik-bertara ezagutzeko.

"Quinta Guadalupe" jauregitxora heldu eta gero (jauregitxo hori Mexikora joandako emigrante batek, Iñigo Noriega Laso "indianoa"k, eraiki zuen 1906an), erakunde horren zuzendari Santiago González Romerok azaldu die Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Álvarez Aranbururi eta bere taldeari zeintzuk diren Asturiasko migrazioen gainean fundazio hori burutzen ari den egitasmoaren ildo nagusiak.

Santiago González Romeroren arabera, hona hemen zer den zentro hori: Asturiasko emigranteentzako etxea eta elkargunea, sinbologiaren eta memoriaren edukiontzia eta ikerketarako pila sortzailea.

Indianoen Artxibategi Fundazioa-Emigrazio Museoa 1987ko maiatzaren 22an sortu zen. Asturiasko Printzerriak, beste hainbat erakundek eta gizarteko beste ekintzaile batzuek bultzatu zuten. Arlo publikoan sortutako ideia izan bazen ere, kudeaketa pribatua du; eta fundazioaren zuzendaritza batzordean Asturiasko Printzerria, Espainiako Estatua, Asturiasko atzerriko zentroak eta kanpoan den asturiar komunitatean itzal handia duten pertsonak daude.

Hiru solairuko jauregitxo horretan Indianoen Artxibategi Fundazioa-Emigrazio Museoak Amerikara joandako emigrazioaren ikuspegi historikoa ematen du. Batez ere, Asturiasko emigrazioak izan zituen jomuga nagusien gainekoa: Kuba eta Florida, Mexiko, eta Argentina eta Txile. Jauregitxoaren beheko solairua (nagusia) Kubari eta Tampari (Florida, Amerikako Estatu Batuak) dedikatuta dago; lehenengo solairua, Mexikori; eta bigarrena, Argentinari, Txileri eta beste zenbait herrialderi. Eraikina lorategi eder batez dago inguraturik.

 
Euskadi, auzolana