euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Europako "Parlamenturako 2019ko hauteskundeak: Zer dugu jokoan" jardunaldia

2019.eko otsailak 05

Europako Parlamenturako hauteskundeak direla eta, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta REVIE - Europako Informazioaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, Europako Jardunaldia antolatuko du, bihar, otsailaren 6an, Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusean.

Jardunaldi horren helburua da gazteak sentsibilizatzea, Europako Parlamenturako hauteskundeetan “zer dugu jokoan” jakin dezaten; hauteskundeak maiatzaren 26an izango dira, udal-hauteskundeekin eta Batzar Nagusietako hauteskundeekin batera.

Jardunaldia Arabako Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Gradu aretoa) izango da, 16:30etik 18:00etara, eta, bertan, honako hauek parte hartuko dute: Mikel Anton, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendaria; Miguel Ángel Peña, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanordea; eta Maialen Olabe, Euskadiko Gazteen Kontseiluko presidentea.   Era berean, honako hizlari hauek ere izango dira: Jaume Duch, Europako Parlamentuko Komunikazioko zuzendari nagusi; eta Mikel Landabaso, Europako Batzordeko Estrategiako eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria

Europako Parlamentua 

Europako Parlamenturako hurrengo hauteskundeak EBko estatu kideetan 2019ko maiatzaren 23aren eta 26aren bitartean izango dira. Diputatuak bost urterako hautatuko dira. Hauteskundeen emaitzen bidez, gainera, Europako Batzordeko presidentea nor izango den zehaztuko da.

Europako Parlamentu berriak, Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetean (irteera betetzen bada), Europako Parlamentuko 751 diputatu izan beharrean, 705 izango ditu. Europako Parlamentuaren osoko bilkurak, 2018ko otsailaren 7an, Erresuma Batuari dagozkion 73 jarlekuetatik 46 etorkizuneko estatu kideentzat gordeko direla onetsi zuen eta gainerako 27 jarlekuak Batasuneko 14 estaturen artean banatuko direla. Espainia, Frantziarekin batera, jarlekuen banaketa berriaren onuradun nagusia izan da, estatu kideen artean; izan ere, beste 5 izango ditu (54 izan beharrean, orain 59 parlamentari izango ditu). Frantziak ere beste 5 jarleku izango ditu (79, guztira). Gainerako 17 jarlekuak honako hauen artean banatuko dira: Italia, Holanda, Irlanda, Kroazia, Finlandia, Eslovakia, Estonia, Danimarka, Suedia, Austria, Polonia eta Errumania.

 

 
Euskadi, auzolana