euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Online desinformazioaren aurka borroka egiteko neurriak proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak Bruselan

2019.eko otsailak 07

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako ordezkari gisa parte hartzen ari da egun hauetan Bruselan, EBko Europako Eskualdeen Batzordearen osoko bilkuran. Bertan, online desinformazioaren aurka borroka egiteko neurriak proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Bilera horretan, Errumaniako lehen ministro Vasilica Viorica D"ncil"k bere herrialdearen Europar Batasuneko lehenengo lehendakaritzaren lehentasunak aurkeztu ditu. Gainera, beste bi debate egin dira: lehena, hezkuntza, kultura, gazteria eta kiroleko etorkizuneko programei buruzkoa, Europako komisario Tibor Navracsicsek jardundakoa, eta bigarrena, hiriek eta eskualdeek EBko auzotasun- eta garapen-politikei egiten dieten ekarpenari buruzkoa, Kanpo Harremanetarako eta Segurtasun Politikarako Europar Batasuneko goi-ordezkari Federica Mogherinik jardundakoa.

Oraingo honetan, guztira hamar Irizpenen debatea eta bozketa egingo ditu Eskualdeen Batzordeak, eta irizpen horiekin lotuta 11 zuzenketa-proposamen aurkeztuko ditu Euskadik.

Online desinformazioaren aurkako borrokari buruzko irizpen-proiektuari dagokionez, Euskadik 4 zuzenketa-proposamen aurkeztuko ditu, non erreklamatu egiten duen erabiltzaileen kontuen egiaztapena sare sozialen aldetik, eta nabarmendu egiten du tokiko hedabideek duten garrantzia informazio faltsuak indargabetzeko.

«Zortzigarren Ekintza Plan baterantz Ingurumenaren arloan» izeneko irizpen-proiektuari dagokionez, euskal zuzenketek ingurumen-politiketan anbizio handiagokoak izatea planteatzen dute, eta defendatu egiten dute trantsizio ekologistak eta energetikoak ahalik eta bidezkoenak izateko premia.

Europa Sortzailea Programari buruzko irizpen-proiektuari dagokionez, azpimarratu egiten da kulturako eta sorkuntzako industriak espezializazio adimenduneko estrategiekin lotuta egotea. Azkenik, «Ikerketaren eta berrikuntzaren Europako agenda berria» irizpen-proiektuari dagokionez, berrikuntzaren bultzatzaile gisa tokiko eta eskualdeetako eragileek betetzen duten funtsezko zeregina azpimarratzen du Eusko Jaurlaritzak.

 
Euskadi, auzolana