"2030 agenda eta garapen jasangarrirako helburuak. Gure politika publikoak eraginkorragoak egitea" Uda Kurtsoa

2019.eko ekainak 27

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak “2030 agenda eta garapen jasangarrirako helburuak. Gure politika publikoak eraginkorragoak egitea” ikastaroa antolatu du. Ikastaroa ekainaren 27an eta 28an izaten ari da Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen barruan.

Ikastaroa udako eskola bihurtuko da, hau da, datozen urteetan edizio gehiago izango ditu, eta proposatutako gaiaren arlo eta eduki ezberdinak garatuko dira.

Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2015eko irailaren 25ean onartu zuen, aho batez, Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda.

2030 Agenda hori aukera bat da Euskadirentzat, bat baitator Eusko Jaurlaritzaren lehentasunekin:

 

  • Pertsona guztiei oinarrizko zerbitzuak bermatzen dizkien giza garapena, eta
  • Berdintasunezko enplegu-aukerak eta kalitate handikoak sortzen dituen hazkunde jasangarria. 

Nazio Batuek eta Europako Batzordeak garrantzi handia eman diete gobernu guztiei, ez estatuetakoei bakarrik, Agenda ezartzeko unean. Kasu askotan, geu gara eskumenak dauzkagunak eta herritarrengandik gertuago dauden premiak zehaztasunez ezagutzen ditugunak.

Eusko Jaurlaritzak konpromso hori du hartuta, eta hortik sortu zen Euskadi Basque Country 2030 Agenda.

Ardatz nagusi horretan oinarrituta, bi jardunaldietan 2030 Agenda ezartzean lurraldeek eta hiriek betetzen duten eginkizuna aztertuko da, Euskadi Basque Country 2030 Agenda aurkeztuko da eta Europako beste gobernu, erakunde edo organismo publiko eta pribatu batzuen ekimenak gainbegiratuko dira.

Ikastaroa inauguratu dute Marian Elorzak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak; Idoia Fernándezek, UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren errektoreordeak; eta Itziar Alkortak, Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak.

Ikastaroari amaiera emateko ekitaldian Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendaria, eta Estibaliz Sáez de Cámara, UPV/EHUko Iraunkortasunaren arloko zuzendaria, izango dira.