Konta iezaguzue nola ospatuko duzuen Euskal Diasporaren Eguna

Ispasterreko enparantza, eliza eta aintzinako indiano baten jauregiarekin.

2019.eko abuztuak 09

Irailak 8, Euskal Diasporaren Eguna; Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzatik euskal etxe guztiei gonbitea luzatu nahi dizuegu denon artean ospatzeko Euskal Diasporatik sortutako egun pozgarri hau, nazioarte mailako ekitaldien agenda bat egituratuz. Horrela bada, esan iezaguzue euskaletxeak@euskadi.eus posta elektronikoan nola ospatuko duzuen Euskal Diasporaren Eguna, egun horren zehar zeuen euskal etxeetan egingo diren ekitaldien zerrenda zein izango den guri kontatuz.

Iñigo Urkullu lehendakaria berak ere gonbidapena helarazi nahi dio Kanpoan den Euskal Komunitateari bat egin dezan egun honekin eta gonbidapena helarazi nahi die, halaber, egun horretan Euskadin egongo direnei parte har dezaten  Ispasterren (Bizkaia) irailaren 8an egingo den ekitaldian.

Bere mezuan lehendakariak euskal etxeak eta kanpoan den euskal komunitate osoa bultzatu nahi ditu mundu osoari erakustera irailaren 8an Euskal Diasporak ekimenerako duen ahalmena eta Euskadirekin duen konpromisoa. Bestalde, Lehendakariak azpimarratu du Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak Nazioarteko Agenda bat osatuko duela egun horretarako antolatzen diren ekimenekin.