Marian Elorzak, CRPMko kideekin batera, bilera birtual batean parte hartuko du Elisa Ferreira Eskualde Politikako komisarioarekin, Brexit Adjustement Reserve (BAR) delakoari buruz hitz egiteko.

Argitalpen-data: 

Irekia

2021_02_18_elorza_crpm.jpg

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Marian Elorzak, Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako (CRPM) Arku Atlantikoaren Batzordeko (CAA) Lehendakaritzaren ordezkari gisa eta azken horretako beste kide batzuekin batera, bilera birtual batean parte hartu du, gaur, Elisa Ferreira Europar Batasuneko Kohesio eta Erreformen komisarioarekin, lurralde atlantikoetan Brexit-aren ondorioak eztabaidatzeko. 

Elorzak CAAk "Brexit Adjustment Reserve" (BAR) delakoari buruz egiten duen balorazio positiboa helarazi dio komisarioari. Proposamenaren lurralde-ikuspegiari balioa eman dio, eta proposamenari irismen handiagoa emateko beharra defendatu du. Era berean, bere kezka adierazi dio, bai eta Atlantikoko lurraldeena ere, BAR-aren banaketa eta kudeaketa zentralizatuari buruz, bai estatu atlantikoei funtsen inguruan ematen zaien botere diskrezionalari buruz. Azpimarratu duenez, banaketa horretan ezin dira alde batera utzi lankidetzaren eta maila anitzeko gobernantzaren printzipio komunitarioak. 

Makro-eskualde atlantikoa

Brexit-ak fatxada atlantikoan izango duen inpaktuari buruzko kezkak eta beste inguruabar batzuek eragin dute CAAk Makro-eskualde atlantiko batek izan ditzakeen onurak aztertu izana, eta egitura berri horretarantz eboluzionatzeko unea dela ondorioztatu izana.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak komisarioari azaldu dionez, makroeskualde batek, alde batetik, interesa duten Erresuma Batuko lurraldeei plataforma bat eskaintzen lagun liezaieke EBko eskualdeekin lankidetzan aritzeko; eta, bestetik, eskualde atlantikoak gehiago integratzeko bultzada ematen lagun liezaieke, RIS3 edo espezializazio adimenduneko estrategietan ezarritako lehentasunetan oinarrituta, Baltikoko Makroeskualdean egiten ari den bezala. Era berean, Makro-eskualde atlantiko batek Europako balio-kate berriak sortzen lagundu lezake, adibidez, itsas energia berriztagarrien arloan. 

Idazkari nagusiak amaitzeko adierazi du beharrezkoa dela indarrak batzea eta baliabide guztiak eskualde atlantikoen eskura jartzea, hala nahi duten Erresuma Batuko eta EBko lurralde guztien arteko lankidetza-maila handiarekin jarraitzeko.