euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Lehendakariak Argentinako Euskal Aste Nazionalaren inaugurazioan parte hartu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak gune bat egokitu du Euskadiko Artxibo Historikoan gizataldeen memoria eta historian zehar egindako jarduera biltzeko

Argentinako Errepublikako presidente Mauricio Macri rekin elkartu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza, lehendakaria buru dela, Mar de Platara joan da, eta bertan Euskal Aste Nazionalaren inaugurazioan parte hartu du. Lehendakariak Hego Amerikako euskal etxeen eskualdeko bilerari amaiera emateko ekitaldian ere parte hartu du, eta bertan jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak gune bat egokitu duela Euskadiko Artxibo Historikoan gizataldeen memoria eta historian zehar egindako jarduera biltzeko, “Euskadiko Emigrazioaren Funtsa” sortzeko helburuarekin.

Aireportuan Euskal Aste Nazionala antolatu duen “Denak Bat” Euskal Etxeko lehendakari Asier Iriberrik egin dio harrera lehendakariari. Ordezkaritzari ohorezko aurreskuaren bidez egindako ongietorriarekin eman zaio hasiera Argentinako euskal gizataldeen urteko elkarretaratze nagusiari.

Euskal Aste Nazionalaren inaugurazioa

Mar de Platan egin duen lehenengo egunean lehendakariak Euskal Aste Nazionala inauguratu du. Bertan, Argentinako euskal gizataldeaz gainera mundu osoko diasporaren ordezkariak ere elkartu dira. Elkarretaratzeari hasiera emateko ekitaldian Eusko Legebiltzarreko Kanpo Harremanen Batzordeko kide diren legebiltzarkideak ere izan dira.

Inaugurazioan ikurrina eta Argentinako bandera igo dira. “Denak Bat” Euskal Etxearen lehendakariak eskerrak eman dizkio lehendakariari bertan izateagatik, eta txupinazo batekin eman dio hasiera Euskal Aste Nazionalari.

Ondoren, lehendakariak Euskal Etxeko Ohorezko Liburua sinatu du eta “Ohorezko bisitaria” bereizgarria jaso du hiriko Legelaritzaren izenean. Lehendakariaren esanetan, bereizgarria diasporak hiriaren alde egin duen guztiaren beste aitorpen bat da.

“Denak Bat” Euskal Etxearen 75. urteurrenaren esparruan, lehendakariak Euskal Etxearen ibilbidea balioetsi du, eta egindako lana eta aurrera egiten elkarrekin jarraitzeko determinazioa eskertu ditu. Alde horretatik, adierazi du “Denak Bat” batasunaren eta ahalegin partekatuaren adierazpena dela, “denok bat eginda helburu bera lortzeko”, erantsi du.

Hego Amerikako euskal etxeen eskualdeko bilerari amaiera emateko ekitaldia

Buenos Aires probintziako hiriburuko lehenengo jardunaldian Euskal Aste Nazionalaren programaren baitan egiten den Hego Amerikako euskal etxeen eskualdeko bilerari amaiera emateko ekitaldian ere parte hartu du lehendakariak. Bilera horretan 10 herrialdetako euskal komunitateen ordezkariak elkartzen dira.

Lehendakariak bere esku-hartzean azpimarratu du 1994ko Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Euskal Giza Talde eta Etxeekiko Harremanei buruzko Legeari esker kanpoko euskal gizataldeen sarea hedatu, zabaldu eta sendotu ahal izan dela. “Gaur egun 25 herrialdetako 191 euskal etxetan antolatutako gizatalde-sarea dugu, eta 36.000 bazkidetik gora dituzte”, gogoratu du.

Kanpoko euskal komunitatea balioesteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak gune bat egokitu du Euskadiko Artxibo Historikoan gizataldeen memoria eta historian zehar egindako jarduera biltzeko, “Euskadiko Emigrazioaren Funtsa” sortzeko eta euskal gizartearen nahiz ikertzaileen esku jartzeko helburuarekin. “Gizataldeok Euskadiko historiaren, egungoaren eta etorkizunekoaren, parte zarete”, esan du lehendakariak, eta azpimarratu du ekimenak 2015ean Gasteizen egindako Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarreko “Diasporizatu” leloari ere erantzuten diola. Eusko Jaurlaritza jada ari da urteko azkeneko hiruhilekoan egingo den 2019ko Mundu Biltzarra prestatzen.

Euskadi, auzolana