euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Euskadi Basque Country Egunaren lehen edizioa, Euskadi-Basque Country herrialde marka bultzatzeko urteko jardunaldia

Argitalpen-data: 

"Abangoardia maite duen antzinako herria" ekitaldiak Euskadi munduan arlo ezberdinetan sustatzen duten hogei bat agente mota oro bilduko du. Nazioarteko jarduera duten edota aurreikusita duten sektore guztietako erakunde, enpresa eta pertsonei zuzenduta dagoen jardunaldia izango da.

Datorren ekainaren 19an, “Euskadi Basque Country Egunaren” lehen edizioa egingo da Bilbon. Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak sustatu du, eta Euskadi-Basque Country herrialde-marka garatzen laguntzen duten erakunde, agente (ekonomiko, kultural, akademiko edo sozial) eta pertsonei zuzenduta dago, Baita nazioarteko agenda garatzen duten pertsonei edota nazioartekotze prozesua hasteko aurreikuspena duten pertsonei ere. Jardunaldiaren helburua bikoitza da: Euskadi marka sustatzea, horren inguruko ahaleginak batzea, eta gure mugetatik kanpo dauden pertsona eta erakundeen esperientzia azpimarragarriak partekatzea.

Xede horrekin, Iñigo Urkullu Lehendakarik inauguratuko duen Euskadi Basque Country Egunaren lehen edizio honek, “Abangoardia maite duen antzinako herria” izenburupean, hogei parte-hartzaile inguru bilduko ditu. Ekintzak Argentinako brandingeko aditu eta FutureBrand agentziako zuzendari Gustavo Koniszczer-ek emango duen esparruhitzaldi bat izango du lehendabizi. Bertan, Euskadi markari eta haren ikurrei buruz egindako azterketa zabalaren emaitzak eta markak eraldaketa-tresna gisa eskaintzen dituen aukerak jakinaraziko ditu.

Ondoren, Euskadi markaren pertzepzioa hainbat esparrutatik abiatuta aztertzeko aukera egongo da hiru mahai-ingurutan.

  • Lehen mahai-ingurua gizarte-kohesioari, lankidetzari eta autogobernuari buruzkoa izango da, eta Euskadik elkartasunaren arloan gure mugen barruan zein muga horietatik kanpo egiten duen jardueran eredu propio bat izateak duen eragina aztertuko da bertan. Mahai-inguruaren moderatzailea Olatz Arrieta izango da, ETBko korrespontsala Bruselan. Bertan hitz egingo dutenak, berriz, honako hauek izango dira: Global Sharpers Bilbao ekimenaren koordinatzaile Estíbaliz Arenzana, Fair Saturday ekimenaren bultzatzaile Saioa Eibar, NBE beken aitzindari Felipe González (UPV-EHUkoa), eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Leyre Arrieta.
  • Bigarren mahai-inguruan, ETBko kazetari Vanessa Sánchez arituko da moderatzaile-lanetan, eta Euskadi-Basque Country herrialde-marka aztertuko da benetakotasunaren, kulturaren eta erakarpenaren ikuspegitik. Parte hartuko dutenak honako hauek dira: Eneko Atxa sukaldaria, Boiseko Unibertsitateko itzultzaile Nere Lete, Musika Bulegoko zuzendari Miryam Miranda eta Guggenheim Bilbao museoko zuzendari Juan Ignacio Vidarte.
  • Hirugarren mahai-inguruan, berriz, Euskadi-Basque Country herrialde-marka aztertuko da lehiakortasunaren, hezkuntzaren eta talentuaren ikuspegitik, eta parte hartuko dutenak honako hauek dira: CAFeko presidente Andrés Arizkorreta, DIPCko zuzendari Ricardo Díez Muiño, BCBLko eta Ikerbasqueko ikertzaile Clara Martín, eta Amarenak-eko ekintzaile Ohiane Pardo. El Correo egunkariko kazetari Adolfo Llorente arituko da moderatzaile-lanetan.

Jardunaldian, Kirmen Uribe poetak (New Yorketik eta Ion Ander Beloki artistak ere parte hartuko dute. Haien guztien arte-ibilbideek ospe handia izan dute nazioartean. Amaiera emango dio ekitaldiari Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi den Marian Elorzak. Gaur prentsaurrekoan adiera duenez “berezko balio berezietan oinarritua dagoen herrialde-marka indartsua izatea aktibo izugarria da, kanpoan balio berezia ematen duena".

“Euskadi Basque Country Eguna”, nolanahi ere, nazioartekotzearen arloko ardatzak eta ildoak zehazten dituen Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020: Basque Country Estrategiaren barruan aurreikusitako ekintzetako bat da.

 

Izena eman

 

 

Gasteiz, 2019ko maiatzaren 7a.

Euskadi, auzolana