Gaztemundu 2019: Kultura eta euskal etxeetako erabakiak hartzeko organoen kudeaketa

Joan den urteko Gaztemundu programako gazteak Iñigo Urkullu Lehendakariarekin.

2019.eko urtarrilak 10

2019. urteko Gaztemundu programak Euskadin egonaldi bat egitea izango du helburu, hori irailaren 23tik urriaren 6ra bitartean izango da eta munduan zehar zabaldurik dauden euskal etxeetako gazteei (18 urtetik 35ra) zuzendukotakoa da. Prestakuntza-gaia kultur kudeaketa irakasteari buruzko formazioa izango da; gai horrek harreman zuzen-zuzena baitauka euskal etxeetako erabakiak hartzeko organoen kudeaketarekin.

Eusko Jaurlaritzaren egitasmo honen aurtengo edizioak kultura kudeaketa landuko du hortaz. Aurten irailaren amaieran eta urriaren hasieran izango da. Goizean saio trinkoak, oso intentsiboak izango dituzte. Arratsaldean txangoak.  Txango horien bitartez euskal kultura, hiriak eta herriak ezagutuko dituzte. Horrela Euskadi zer den ezagutuko dute.

Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak Gaztemundu programa antolatzen du, munduko euskal etxeetako gazteak Euskadin egonaldi bat egin eta gaurko euskal errealitatera hurbil daitezen. Egonaldian, euskal etxeetako gazte horiek parte hartu behar dute eurentzat antolatzen den ikastaroan, urte bakoitzean gai bati buruz, eta egituratuta dago adituek emandako klase magistraletan eta erakundeetara eta enklabe kultural garrantzitsuetara egiten diren bisitaldietan.

Aurtengo edizioa, Bilbon oinarrituko da baina bisitak egingo dira beste euskal lurraldeetara. Aukeratutakoen zerrenda 15 parte-hartzailek osatuko dute. Aurten Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu Biltzarrarekin batera egingo da Gaztemundu. Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu Biltzarra Bilbon egingo da urriaren 2an, 3an eta 4ean. Programan parte hartzeko aukeratutako 15 gazte horiek abagunea izango dute gaur egun euskal etxeek dituen erronka nagusiez jakiteko. Euskal Etxeekin ekimen berriez jakiteko ere aukera izango dute. Hala, bertatik-bertara ikusiko dute nola bideratzen den estrategia orokor bat, XXI. mendeko kanpoan den euskal presentzia sareetan egituratzeko.