BasqueTrade & Investment, euskal enpresak nazioartekotzeko atea

Argitalpen-data: 

BasqueTrade & Investment, euskal enpresak nazioartekotzeko atea

Nazioartekotzea oinarrizko elementu bilakatu da enpresa-hazkuntza eta -lehiakortasuna garatzeko, eta, dagoeneko, ia edozein konpainiaren estrategian jaso da, konpainiaren tamaina edozein dela ere.

Eusko Jaurlaritza enpresek beren negozioa kanpora orientatzeko duten beharraren kontzientze da, eta, hala, beste urrats bat gehiago eman du bere nazioartekotze-zerbitzuak emateko, eta BasqueTrade & Investment sozietatea sortu du; SPRIren nazioarteko prestazioen portfolio zabala eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Nazioartekotze Zuzendaritzaren lana batzen ditu.

Sozietate berriak eraginkortasun eta espezializazio handiagoa eskaintzen du, bezeroarengandik eta bere behar zehatzetatik hurbil egoteko bokazio argia du, eta enpresa-jardueraren nazioartekotzearekin zerikusia duten zerbitzu, programa eta aktibo guztiak batzen ditu. Haren helburua da euskal enpresei beren negozioa kanpo-merkataritzara bideratzen laguntzea, balio erantsiko zerbitzu berriak, analisi lehiakor sakona eta kanpoan Eusko Jaurlaritzaren bulego-sarearen laguntza eskainiz.

BasqueTrade & Investment enpresa bakoitzaren behar berezietara egokitzen da, zerbitzuak neurrira emateko; horretarako, jarduera esportatzailearen sustapenari begiratzen dio, estrategikotzat jotzen diren merkatuetako enpresa-posizionamenduari eta erakundeek beste herrialde batzuetan finkatzeko behar duten laguntza teknikoari.

Sozietate berriaren zerbitzu-eredua arreta indibidualizatuan oinarritzen da, eta hark Euskadin ditugun giza taldeen ezagutza sektoriala eta kanpoan bulego-sarearen ezarpen geografikoa konbinatzen ditu. Laguntzaile espezializatuak ditugu 70 herrialde baino gehiagotan, eta geure bulegoak ditugu haietako 16tan, Txekiar Errepublikan, Singapurren eta Indian, besteak beste. ETEen eta enpresa handien esku gure Adimen Lehiakorraren Unitatea jartzen dugu; tresna baliagarria da, eta herrialde bakoitzean dauden akordioei eta merkataritza-aukerei buruzko informazioa ematen du, azterlan eta txosten sektorialak eskaintzen ditu eta merkataritza-misioen, jardunaldien, ekitaldien, azoketako partaidetzaren eta gure enpresek kanpoan duten jarduera guztien berri ematen du.

Gainera, BasqueTrade & Investment leihatila bakarra da, nazioartekotze-laguntzak eskuratzeko. Bere webgunearen bidez, une bakoitzean kanpoan enpresa-abentura bati ekiteko dauden laguntzei buruzko informazioa eska daiteke: graduatu berri diren eta atzerrian prestakuntza jaso nahi duten ikasleentzako Global Training bekak, nazioarteko lehiakortasuna hobetzeko Sakondu programa, Zabaldu, Gauzatu, Beint, Elkartu eta Pilotu programetan aurreikusitako laguntzak, besteak beste. Horiek guztiek zenbait laguntza ekonomiko mota eskaintzen dituzte, kanpoan finkatzeko interesa duten erakundeentzako baldintza abantailatsuetan.

Laburbilduz, enpresa batek nazioartekotzeko proiektua hasteko behar duen informazioa eta laguntza.

Lagundu diezazukegu? Jarri harremanetan BasqueTrade & Investmentekin.