Europako Kontseiluaren 70. urteurrena ospatzeko jardunaldi bat antolatu du Jaurlaritzak

70_a_os_consejo_de_Europa_Pantalla.jpg

2019.eko azaroak 26

Eusko Jaurlaritzak, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, “Europako Kontseiluaren 70. Urteurrena: Giza Eskubideak eta Demokrazia” izeneko jardunaldia antolatu du erakunde europar horren sorrera ospatzeko. Kontseiluak, egun, 47 Estatu kide eta 830 milioi pertsona biltzen ditu.

Jardunaldia datorren abenduaren 2an, astelehenean egingo da Donostiako Kursaalean. Goizeko 9etan abiatuko da eta Iñigo Urkullu Lehendakariak emango dio amaiera.

Saioak sarrera irekia izango du eta ondoko gaiak eztabaidatuko ditu, besteren artean: Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak duen eragina; demokrazia eta lurralde-kohesioa; Europako Tokiko Autonomia Gutuna eta balio demokratikoak zalantzan jartzeko ariketei Europako Kontseiluak eman dien erantzuna.

Europako Kontseiluak Estrasburgon du egoitza, 1949ko maiatzaren 5eko Londresko Itunak sortu zuen eta giza eskubideei dagokienez Europan dagoen nazioarteko erakunde nagusiena da. Ondokoak dira bere funtsezko ardatzak: Giza Eskubideen Europako Ituna eta Europako Gizarte-gutuna.

Egitaraua