Euskadi-Basque Country Eguna: aukera bat Historiako Euskadirik hoberena kanpoan ezagutarazteko.

Argitalpen-data: 

Lehendakariak aurkeztu zuen "Abangoardia maite duen antzinako herria" jardunaldia, Euskadi marka atzerrian zabaltzeko abiatzeko bilgunetzat hartuta.

“Gure helburua da benetako Euskadiren errealitate plurala, askotarikoa, irekia eta abegikorra ezagutaraztea eta sustatzea munduan. Gai izan behar dugu historiako Euskadi onena eskaintzeko: bakean dagoen herria, giza eskubideekiko eta berdintasunarekiko konpromisoa duena, solidarioa eta badakiena ezagutza eta berrikuntza erronka ukaezinak direla etorkizun hobea eraikitzeko”. Iñigo Urkullu lehendakariaren hitz horiek lehenengo Euskadi-Basque Country Eguna inaugurazioaren atariko gisa erabili zituen, Euskadi marka kanpoan sustatzera eta zabaltzera zuzendutako jardunaldi horren bitartez nazioarteko agenda bat garatzen duten eragileek elkartu eta esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten.

Jardunaldia ekainaren 19an izan zen Bilbon,  “Abangoardia maite duen antzinako herria” izenburupean, Kirmen Uriberen liburuaren izenburu iradokitzailea bera erabilita. Liburu horretan Kirmen Uribek kontatzen du Euskadik urteetan bere nortasuna landu duela eta hori pasadizo, istorio eta esperientzia berezien bitartez egin du. Izan ere, jardunaldiaren helburuetako bat hori izan da: hainbat esparrutan Euskadi markaren pertzepzioa partekatzea hainbat protagonistek. Herri erakargarriagoa eraikitzeko lan bateratua egitea da baita laguntza eskaintzea ere euskal gizarteak partekatutako balio batzuk —hala nola, ahaleginaren kultura,  konpromisoa, gainditzeko gaitasuna, aukera berdintasuna eta justizia soziala—, Euskadiren irudiarekin lotu daitezen eta,  Lehendakariaren hitzetan "gure nazioarteko aurkezpen-txartela" izan daitezen.

Estrategia horren barruan, Iñigo Urkulluk iragarri zuen jardunaldi honen hurrengo edizioan Euskadi Basque Country Lagunak izeneko sariak emango direla, atzerrian Euskadi-Basque Country irudia sendotzen laguntzen duten pertsona edo erakundeei aitorpen publikoa egiteko.

Jardunaldia Gustavo Koniszczer branding-ean aditua den argentinarraren hitzaldiarekin hasi zen, Euskadi markaren eta bere atributuen inguruan egindako analisiaren emaitzak eta markak eraldatzeko tresna gisa eskaintzen dituen aukerak azalduz.

Ondoren, hiru mahainguruk Euskadi markaren pertzepzioa hainbat ikuspegitatik aztertu zuten hainbat aditurekin. Lehenengoa gizarte kohesioan, kooperazioan eta autogobernuan oinarritu zen eta honakoa hauek parte zuten hartu: Estíbaliz Arenaza Global Sharpersen arduradunak , Saioa Eibar Fair Saturday fundazioaren sortzaileak, Imanol Esnaola Gaindegiko koordinatzaileak, eta Leyre Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakaslea.

Bigarren foroak benetakotasunaren, kulturaren eta erakarpenaren ikuspegitik aztertu zuen herrialde marka, honako hauek bide erakusle zituela: Eneko Atxa Boiseko sukaldaria,  Nere Lete Boiseko Unibertsitateko irakaslea, Aitor Bengoetxea Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko presidentea eta Oihane Pardo arkitektoa.

Hirugarren eta azken mahainguruak Euskadi Basque Country marka aztertu du bikaintasunaren, berrikuntzaren eta talentuaren ikuspegitik, eta bertan izan dira Ricardo Díez Muiño DIPCren zuzendaria,  Clara Martin Ikerbasqueko ikertzailea, Josu Esnaola CAFeko zuzendari komertziala eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Museoko zuzendaria.

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eman dio bukaera jardunaldiari, eta Gustavo Koniszczerrek aipatutako ideietako bat ekarri du gogora: audientziek "benetako diskurtsoak" bilatzen dituzte, “nahi izatearen aurrean izatea” lehenesten bada diskurtso horietan. "Kontua ez da kanpoko ereduak kopiatzea, baizik eta norberaren ezaugarriak aztertzea eta mezu guztiei zentzua ematea", eta "Euskadik berezko nortasuna du, benetakoak, ezberdinak eta erakargarriak egiten gaituena". 

Jardunaldia txandaka egingo da, urtero Euskadiko hiriburu baten,  Nazioartekotze 2020 Esparru Estrategiaren barruan, izan ere nazioartekotze arloko ardatzak eta lan-ildoak zehazten ditu estrategia horrek.