Euskadik eta Korsikak lankidetza indartzea adostu dute datozen hilabeteetan

Argitalpen-data: 

Euskadik eta Korsikak lankidetza indartzea adostu dute

Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidente Gilles Simeonik eta Iñigo Urkullu Lehendakariak lan-bilera bat izan dute gaur, urtarrilak 27, astelehena, Bilbon eta lankidetza-eremuak indartzea adostu dute bertan.

Bigarren bilera da hau, joan den irailean 29an Ajuria-Enean egin zutenaren ondoren.

Ordubete iraun du eta ondoren bi exekutiboen arteko harreman-kanal formal eta iraunkor bat finkatzea erabaki dute, datozen hilabeteetan Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Korsikako Kolektibitatearen arteko Lankidetza Hitzarmen batean jaso ahal izango litzatekeena.

Asmoa da, harreman instituzionalak indartzeaz gainera, dinamika berri honetan Euskadiko eta Korsikako agente eta erakunde ekonomiko, sozial eta kulturalak sozioekonomikoak ere parte izatea. Harreman ekonomikoak, kultura, diaspora edo hizkuntza politika agertzen dira aipatutako lan esparruen artean. Laster lan-talde bat osatuko dute batera, lankidetza-eremu zehatzak eta bultzatu beharreko proiektuak edo ekimenak aztertzeko.

Maila politikoagoari dagokionez, Europar Batasuneko erakundeek Estaturik gabeko Herrien eta nazioen eskaerak eta asmoak aintzat hartzea lehentasun komuna da Eusko Jaurlaritzarentzat eta Korsikako Kontseilu Exekutiboarentzat. Hortaz, datozen hilabeteetan batera landuko duten gaietako bat izango da.