euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

BasqueCulture.eus jaio da, topagune berria euskal Kultura eta sorkuntzarako

Argitalpen-data: 

Euskal kultura Europako aberatsenen eta berezienen artean dago eta mendetan zehar ohitura eta modernitatea uztartzen jakin izan duten herrialde, herri eta historia baten isla da. Kultura-aniztasun zabal horretara eta kontzeptu horrek biltzen duen unibertso osora (antzinako hizkuntza paregabea den euskaratik arteen multzora, ohituretara eta Kulturaren eta aurrerapenaren eremuetan Euskadi nazioarteko erreferentzia bilakatzen lagundu duten osagaietara) irekitako leiho berri gisa sortu da BasqueCulture.eus.

Etxepare Euskal Institutua erakundeak bultzatu eta kudeatuko du BasqueCulture.eus webgunea, zeina topagune berria bilakatuko den sektoreko eragile guztietarako. Bere xedea da, batetik, euskal kultura, arteak eta hizkuntza nazioartean sustatzea; eta, bestetik, aktibo horiez baliatzea luzaroko harremanak sustatzeko beste herrialde eta kultura-nortasun batzuekin.

Euskal kulturaren ezaugarri diren zenbait osagai bereizle nabarmentzen ditu webguneak: lurra, hizkuntza, ohiturak, zinea, arte eszenikoak, literatura, musika, artea, gastronomia eta beren norbanakoak, besteak beste. Aipatu osagai guztiek aniztasunera eta bere kultura-jaraunspena Europako beste herri guztiekin partekatzera ohitua dagoen herri baten nortasuna eta pertsonalitatea osatzen lagundu dute.

BasqueCulture.eus webguneak, ordea, eginkizun funtzionala izan nahi du gehienbat eta, horrexegatik, euskal Kulturaren eragile eta protagonista gehienen inguruko intereseko informazioa jasotzen duen direktorio bat eskaintzen du. Basque Audiovisual atalak Euskadin mota horretako edukiak sortu eta banatzen dituzten elkarte eta erakunde ezberdinak biltzen ditu: Kimuak, Euskadiko Filmategia, Eiken edo Zineuskadi, esaterako. Horrez gain, herrialde honetan lantzen diren musika-genero ezberdinak ekoiztea eta sustatzea xede duten erakundeak (Musika Bulegoa, Musikene, Eresbil edo Euskadiko Orkestra Sinfonikoa) jasotzen dituen atal berezi bat dauka webguneak, bai eta arte eszenikoei eskainitako beste bat ere. Basque Performing Arts delako atalak Euskal Herriko arte eszenikoak (dantza eta antzerkia gehienbat) sustatzen dituzten erakunde eta taldeak biltzen ditu: Artekale, ADDE, Euskal Dantzarien Biltzarra, Topic edo Eskena, besteren artean.

Literaturari dagokionez, bi hizkuntza koofizialetako idazle, argitaletxe edo liburu-denden interesak babestea eta euskal literatura sustatzea eta zabaltzea xede duten elkarteak nabarmentzen ditu: Euskal Idazleen Elkartea, Asociación de Escritores de Euskadi, Galtzagorri Elkartea, Euskal Editoreen Elkartea, Gremio de Editores de Euskadi, Euskadiko Liburu Ganbara, Euskal Irudigileak eta EIZIE.

Etxepare Euskal Institutuak bultzatu duen webgune honek Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta kultura-zentro handienak jasotzen ditu ere: Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museoa, Tabakalera, Azkuna Zentroa, Artium eta Chillida Leku, besteren artean. Horrez gain, euskal kulturaren jaraunspen aberatsaren garrantzia nabarmentzen du ere, Euskal Kultura Ondarearen informaziorako sarbidearekin bat egiten duen atal baten bitartez.

Kultura- eta sorkuntza-aniztasunera sarbidea eskaintzen duen leiho hau osatzeko, euskararen normalizazioari eta zabalkundeari eta euskal Kultura herrialdean bertan eta nazioartean babestu eta sustatzeari loturiko atal bat sartu da. Atal honek eremu honetako protagonista eta eragile nagusienak biltzen ditu: Etxepare Euskal Institutu bera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Kulturklik, Euskaltzaindia, Mintzola, Kontseilua, Topagunea, EKE – Euskal Kultur Erakundea eta Vianako Printzea Erakundea.

 

Euskadi, auzolana