euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Euskadik eta Iparraldek lankidetza instituzionala indartu dute

Argitalpen-data: 

Iparraldeko Hirigune Elkargoaren Presidente eta Baionako Alkate Jean-René Etchegarayri egin dio harrera Iñigo Urkullu Lehendakariak eta harekin sinatuko du Euskadiren eta Iparralderen arteko lankidetza instituzionalerako Memorandum bat. Bi komunitateak historian zehar elkartu dituen lotura estutzea eta etorkizuneko lankidetzarako oinarriak finkatzea da akordioaren helburua.

Memorandumak ezartzen duenez, Euskadik eta Iparraldek lankidetzarako aukera berriak aztertuko dituzte eta baterako proiektuak bultzatuko dituzte eremu hauetan: mugaz haraindiko mugikortasuna; goi-mailako irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketa; ekonomiaren garapena eta turismoa; nekazaritza; lurraldearen garapen iraunkorra; ingurumena eta biodibertsitatea; eta kultura eta euskara.Gainera, lankidetza indartuko da mugaz haraindiko ekitaldi esanguratsuak antolatzeko, mugaren bi aldeetako herritarren arteko bizikidetza sustatzearren.

Sinaduraren ondoren bi presidenteek azaldu dituzte Lehendakaritzan hedabideen aurrean akordioaren terminoak.

Bere jardunean lankidetzarako bide honek duen garrantzia nabarmendu du Lehendakariak, lagundu egiten baitu eraginkortasunez aurre egiten Europar Batasuneko esparruan erronka globalei, erronka sozial, ekonomiko, instituzional eta politikoei.“Erronka komunei lankidetzatik erantzutea da gure akordioaren helburua. Gure harreman instituzionalak indartzea, elkarren interesekoak diren baterako proiektuen bitartez. Mugaz haraindiko hurbileko lankidetzaren alde apustu egitea”, adierazi du.

Bestalde, Lehendakariak ziurtatu duenez, Iparraldeko Hirigune Elkargoarekiko harreman-fase berri honek lagundu egingo du lan partekatua instituzionalizatzen. Zehazki, azpimarratu duenez, lankidetzak aukera emango du aurrerapauso bat gehiago emateko, loturak estutzeko, eta trukeak eta harremanak indartzeko eragile ekonomiko, sozial, akademiko eta kulturalen artean. “Aukera emango digu lankidetzan eta jardun egokien trukean aurrera egiteko”, gaineratu du.

Gainera, garrantzi berezia eman dio Lehendakariak akordioaren uneari, Europako Ardatz Atlantikoa kohesionatzen eta indartzen lagunduko duelako laster iristekoa den Brexit baten aurrean, zeinak ahuldu egin baitezake denen interesekoa den espazio hau.“Beharrezkoa da indarrak batzea Europar Batasuneko eremu periferiko gisa geratzeko arriskua gainditzeko”, azpimarratu du.

“Gure ahalegin guztiak mobilizatuko ditugu mugaz haraindiko ekimenak sustatzeko, bizikidetza eta komunitate-bizitza bultzatuko dituztenak.Elkarren arteko lankidetza indartuko dugu herritarren nahi partekatu bati erantzuteko:elkarrekin hobeto bizitzea kultur aniztasuna eta tolerantzia nagusi izango diren gizarte batean”, esanez amaitu du Lehendakariak. 

Sei pertsonak osatutako segimendu-batzorde bat arduratuko da Memorandumean ezartzen diren ekintzak erregulartasunez ebaluatzeaz, baita bertan ezartzen ez diren lankidetzarako beste aukera batzuk aztertzeaz ere.

2017ko urtarrilean sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa, bertako hamar mankomunitateek bat egin ondoren. Horrela eman zitzaion hasiera Euskadiren eta Iparralderen arteko "lankidetzarako fase berri bati", elkarraldi instituzionalak nabarmen gehitzea berekin ekarri duenari.

Hala, joan den martxoan, Lehendakariak eta Euskal Hirigune Elkargoko Presidenteak bilera bat izan zuten Ajuria Enea jauregian, eta bertan iragarri zuten Elkar Aditze Memorandum bat lantzen ari zirela, azkenik gaur sinatu dena.

Euskadi, auzolana