euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Garapenerako Lankidetzaren Ignacio Ellacuria Sariaren deialdi berria

Argitalpen-data: 

Garapenerako Lankidetzaren Ignacio Ellacuria Sariaren deialdi berria

Duela 30 urte baino pixka bat gehiago, Ignacio Ellacuria euskal filosofoa eta teologoa hil zen, balaz josita, El Salvadorko paramilitarren talde baten eskutik. Bere delitua honako hau izan zen: pobreen eskubideak eta aberastasunaren banaketa jendaurrean defendatzea, eta agintarien eta gerrillen arteko gatazkarekin amaitzeko bide bakar gisa elkarrizketaren aldeko apustu egitea.

1989ko azaroaren 16an “Ellacu” erail zuten; urtero El Salvadorren, munduko herrialde bortitzenetako batean, izaten diren milaka krimenetako bat gehiago baino ez zen izan. Baina ahulenen alde eginiko lana, bere kontzientzia kritikoa eta desberdintasunak zuzentzeko zeukan irrika sekula ez dira ahaztu, eta Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen bere izena hartuko duen sari bat sortzea, bere legatua babesteko. Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuría sariak 15.500 euroko zuzkidura ekonomikoa du, eta helburu gisa du Euskaditik edo beren jaioterrietatik herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko ekintza esanguratsuak gauzatzen dituzten erakunde eta pertsonen eginkizuna ikusaraztea.

Elankidetza Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sari hori antolatzeko arduraduna da; sari horren hautagai izan daitezke beren erkidegoen garapenaren alde lan egiten duten herrialde pobretuetako GKEak, herri zapalduen garapenari laguntzen dioten eta justizian oinarritzen diren nazioarteko harremanak sustatzen dituzten euskal erakundeak eta nazioarteko eremuan egiten duten lan solidarioagatik nabarmendu diren eta jatorriz Euskadikoak diren pertsona fisikoak.

Zehazki, Mikel Ayestaran euskal kazetariak sari hori jaso zuen iazko edizioan, bere kazetaritza-lana gauzatzean daukan “giza begirada”gatik, eta gatazkan dauden guneetan albisteak ematean “ulertzeko zailak diren” errealitateak erakusteko eta haiek ulergarri egiteko orduan erakutsitako “erantzukizuna”gatik.

Mikel Ayestaranez gainera, Ignacio Ellacuria saria honako hauek ere jaso dute: Lolita Chávez Ixcaquic Guatemalako aktibista, José Ángel Cuerda Vitoria-Gasteizko alkate ohia, Saharako Emakumeen Batasun Nazionalaren aldeko Euskadiko Sarea eta Begoña Etayo Ereña, FIARE fundazioa, Mujeres por la Dignidad y la Vida elkartea, Las Dignas eta Euskadiko GGKEen Koordinakundea.

Euskadi, auzolana