euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Atzerrian Euskadiri buruzko aurkezpenak egiteko deskarga daitekeen ikus-entzunezko "kit" berria

Argitalpen-data: 

Kit Euskadi Basque Country

Azken urteetan, Euskadik nazioarteko ospea duen marka-irudi bat finkatu du bertako kultura eta hizkuntzari, industriari, garapen sozial eta ekonomikoari, gastronomiari, tradizioari, paisaiari eta abarri esker. Elementu horiek eta beste askok gizarte-ikuspegitik eta turismoaren, kulturaren eta enpresa-arloaren ikuspegitik erakargarritasun handia duen herrialde bihurtu dute Euskadi.

Nazioarteko sustapen-lan horretan laguntzeko, Euskadi Basque Country webguneak atzerrian Euskadiri buruzko aurkezpenak egitea eta, era horretan, enpresei nazioartekotze-lanean laguntzea ahalbidetzen duen ikus-entzunezko “kit” berri bat eskaintzen du. Tresna horrek Euskadiren aurrekari historikoei, erakunde-antolamenduari eta Ekonomia Itunari buruzko oinarrizko informazioa eta Euskadiko industria-, ikerketa- eta irakaskuntza-jarduerari buruzko datu orokorrak eskaintzen ditu, besteak beste.

Euskadi Basque Country kita

Kita bi bideoz,, PowerPointean egindako aurkezpen batez eta “Abangoardia maite duen antzinako herria“ saiakeraren kopia batez osatuta dago. Saiakera horretan, Euskal Herriaren jatorriaren, izaeraren eta beste alderdi bereizgarri batzuen inguruko ikuspegi pertsonala eskaintzen du egungo euskal idazlerik ospetsuenetako bat den Kirmen Uribek.

Lehen bideoa 2019ko Basque Country Egunerako aurkezpen gisa erabilitako kontakizun labur bat da. Jardunaldia joan den udan egin zen, eta Euskadi munduan sustatzeko zereginean inplikatutako eragile guztiak bildu zituen. Ikus-entzunezko muntaia horretan, Euskadiko tradizio, kultura eta ohituren sinbolo diren elementuak zein Euskadiren abangoardia- eta modernotasun-izaerari lotutako alderdiak agertzen dira.

Informaziorik praktikoena PPT formatuan diapositibekin egindako aurkezpen batean jasota dago. Bertan, administrazio- eta erakunde-izaerako datuak, herrialdeko jarduera nagusiei buruzko informazioa eta adierazle ekonomiko eta soziokulturalik garrantzitsuenetako batzuk eskaintzen dira. Aurkezpenak Euskadik herrialde gisa dituen erronkak aipatzen ditu, eta Wilhelm von Humboldt intelektual prusiarrak Euskal Herriari buruz egindako aipamen batekin amaitzen da.

Tresna hori euskal enpresei beren nazioartekotze-lanean laguntzeko pentsatuta dago bereziki, baita Euskadiri buruzko informazio-material lagungarria behar duten pertsona guztiei laguntzeko ere, oro har. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskura daiteke.

Euskadi, auzolana