euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Egin bat munduko euskal komunitatea lotzen duen Basque Global Network sarearekin

Argitalpen-data: 

Basque Global Network

Hainbat mendetan, gure espiritu bidaiazale, ekintzaile, solidario edo abenturazaleak bultzatuta, planeta osoa zeharkatu izan dugu euskaldunok. Historian Euskaditik irten eta munduko beste leku batzuetan (hala nola Argentinan, Uruguain, Mexikon eta Ameriketako Estatu Batuetan) proiektu berri bat hasteko asmoa izan duten pertsonen kasuak zenbatezinak dira. Distantzia eta denbora gorabehera sustraiei eta identitateari eutsi nahi izan dietenentzat, herrialde horiek guztiak harrera-leku bihurtu dira.

Basque Global Network sarearen helburu nagusia da mundu osoan sakabanatuta dagoen euskal komunitatea elkarrekin lotzea eta bere jatorrira, lurraldera, ohituretara eta, azken batean, izateko eta gauzak egiteko modu berezi batera hurbiltzea. Sare sozial hori Euskaditik kanpo bizi, ikasi edo lan egiten dutenei eta aspalditik kanpoan finkatuta dauden beste belaunaldi batzuetako ondorengoei zuzenduta dago, eta funtsezko helburu bat du: guztien harreman sozial, kultural eta ekonomikoak sendotzen laguntzea eta pertsona horiek euskal munduarekin kidetasun, begikotasun edo interes berezia sentitzen duten beste batzuekin lotzea.

Hori lortzeko, plataforma horrek euskal kanpo-ekintzari lotutako ekitaldien agenda biltzen du, eta edozein pertsonak elkarreragiteko eta bere eragin-eremuan egin daitezkeen jarduera osagarriak gaineratzeko aukera ematen du, beste pertsona batzuk bereizten gaituen guztiaz (gure kulturarekin eta gure hizkuntzarekin –euskararekin– hasita) gozatzera anima daitezen.

Sare soziala bost gai-arlo handitan banatuta dago, euskal komunitateak nazioartean nagusiki garatzen dituen lan-ildo nagusiei jarraikiz: erakundeak, kultura, hezkuntza, enpresa eta garapenerako lankidetza. Plataforma berri horretan parte hartzeko, formulario bat bete behar da identifikazio pertsonal batekin, eta bost interes-arloetako bat hautatu behar da.

Basque Global Network sare sozial bat da, eta, hortaz, interes komunak dituzten pertsonen eta taldeen arteko harreman-sareak eratzeko aukera ematen du, kide guztiak beren jakintzak guztien onurarako eskaintzen dituzten eragile aktiboak izan daitezen. Plataformak hainbat astetako probaldia amaitu du, eta, aldi horretan, hogei herrialde inguruko berrehun pertsona baino gehiago bildu ditu. Komunikazio globaleko tresna bat denez gero, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez erabil daiteke. Nolanahi ere, ez du mugarik beste hizkuntza batzuetan erabiltzeko.

Euskadi, auzolana