euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Euskadi, Nafarroa eta Frantziaren arteko mugaren itxierak mugaz gaindiko langileen % 70 hartu zituen eraginpean

Argitalpen-data: 

Euroeskualdeak inkesta bat egin die muga-eremuko 2.400 pertsonari, mugaren itxierak nolako eragina izan duen jakiteko

Mikel Irujo, Marian Elorza y Mathieu Bergé

Covid-19aren krisiak eta hari aurre egiteko ezarritako murrizketek zuzeneko eragina izan dute mugaz gaindiko harremanetan eta Frantziaren eta Espainiaren arteko muga (joan den ekainaren 21ean berriz ireki zena, hiru hilabeteko konfinamenduaren ondoren) egunero zeharkatzen duten milaka pertsonengan. Murrizketa-kontrolek eragin berezia izan zuten mugaz gaindiko langileengan.

Aldi horretan, mugaz gaindiko langileen zirkulazioa baino ez zen baimendu mugan. Hala ere, ia % 70entzat mugaren itxieraren eragina «oso handia edo erabatekoa» izan zen, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak joan den ekainean egindako txosten bateko datuen arabera. Analisia hiru lurraldeetako muga-eremuko 2.400 pertsonak online egindako inkesta baten bidez lortu da.

Inkesta egin duten pertsonen % 31,5 mugaz gaindiko langileak dira. Gehienek merkataritzan, ostalaritzan eta turismoari lotutako beste jarduera batzuetan lan egiten dute, eta gutxi batzuek, berriz, zerbitzu profesionaletan.

Erosketak eta bigarren etxebizitza

Txostenean, mugen itxierak mugaz gaindiko herritarren ohituretan izan dituen ondorioei buruzko datuak eskaintzen dira. Nolanahi ere, inkesta egin duten pertsonen bi herenek adierazi dute mugaren itxieraren eragina oso handia edo erabatekoa izan dela beraientzat. Gainera, mugaz gaindiko hamar pertsonatik bederatzik jarduera sozioekonomikoak egiteari utzi zioten muga itxi ondoren.

Inkesta egin duten pertsonen erdiek gutxienez astean behin zeharkatzen dute muga, eta haien % 15,8k asteko egun guztietan edo ia guztietan. Lurraldeen artean mugitzeko arrazoiak sozioekonomikoak dira nagusiki. Gehienak erosketak egiteko, bigarren etxebizitzara joateko, adiskideak edo senideak bisitatzeko eta, azkenik, aisia- edo kirol-jarduerak egiteko mugitzen dira.

Mugaz gaindiko enpresak

Inkestan oinarrituta lortutako datuen arabera, mugaz gaindiko langileak dituzten enpresen erdiek baino gehiagok ezohiko neurriren bat hartu dute Covid-19aren eraginaren ondoren: telelana, ERTEak, orduen murrizketa eta, zenbaitetan, kaleratzeak.

Datuek agerian utzi dutenez, langileek eta enpresek zailtasunak izan dituzte neurri horiek abian jartzeko. Bereziki, honako hiru alderdi hauetan izan dituzte zailtasunak: ERTEen eskaerak bideratzean, finantzaketa lortzean eta jarduerari berriz ekiteko prestatzean. Hala ere, Euroeskualdeak hainbat ekintza edo neurri proposatu ditu muga ixteak pertsona horien eguneroko bizitzan duen eragina murrizten laguntzeko. Ildo horretan, inkesta egin duten langileen % 91ren ustez, mugaz gaindiko lankidetza funtsezkoa edo oso garrantzitsua da beren egoera profesionala hobetzeko.

Euskadi, auzolana