euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Bingen Zupiriak eta Marian Elorzak hurbiletik ezagutu dute Euskal Diasporaren Artxiboan egiten den lana

Argitalpen-data: 

Irekia

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak Euskadiko Artxibo Historikoan dagoen Euskal Diasporaren Artxibora bisita egin dute gaur. Gorka Álvarez, Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria; Mikel Aizpuru, Kultura Ondarearen zuzendaria; Borja Aguinagalde, Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna; eta Mikel Gómez, Diasporako Artxiboaren katalogazioaren arduraduna, ere izan dira bisita horretan. Azken hori izan da gidari lanak egin eta beharrezko azalpenak eman dituena. 

2018ko azaroan, Iñigo Urkullu lehendakariak, Argentinako Euskal Aste Nazionala ospatzearekin batera, Mar de Plata hirian iragarri zuen Euskal Diasporaren Artxibo bat sortuko zela, Euskadiko Artxibo Historikoan kokatutako funts historiko bat, historian zehar euskal gizataldeen memoriari eta jarduerari buruzko dokumentazioa jasotzeko. Urtebete geroago, Bilbon 2019ko urriaren 2tik 4ra egin zen Euskal Gizataldeen VII. Mundu Biltzarraren baitan, Euskal Diasporaren Artxiboa aurkeztu zen ofizialki. 

Orain arte 7.000 dokumentu-sarrera katalogatu dira gutxi gorabehera, 955 ale bibliografiko eta 230 objektu kronologia eta jatorri askotakoak. Gainera, mundu osoko partikularren eta euskal erakundeen ekarpen eta dohaintzei esker, artxiboko fondoek gora egiten jarraitzen dute. 

Gaurko bisitan, Bingen Zupiriak eta Marian Elorzak mundu osoan zehar barreiatuta dauden euskal gizataldeen bilakaera, ekarpena eta eraketa ezagutzeko aukera ematen duen Funts hau eratzeko lanak nola doazen jakin ahal izan dute. Funts horiek kanpoan dauden euskal gizataldeen eguneroko bizitza erakusten dute, batez ere Amerikako kontinentekoa, antolaketari, jaiei, frankismoaren aurkako lankidetzari, harrera-elkarteetan egoteari eta euskal erakundeekin XX. mendearen erdialdetik izandako harremanei dagokienez. 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, "artxibo hau oso garrantzitsua da kanpoko euskaldunen begiradarekin eta bizipenekin gure herriaren historian sakontzeko.  Funts horiei esker, gizarteari, oro har, eta ikertzaileei, bereziki, ondare hori guztia jaso eta gordetzeko leku bat eskaini diezaiekegu". 

Bestalde, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "lehen urratsak ematen ari den proiektua da, eta oso eskertuta gaude orain arte jasotako dohaintza garrantzitsuengatik. Asko dago egiteko, eta euskal komunitate globalak munduan zehar elkarreraginean jarraitzen du, baina proiektua gorpuzten ari da eta aukera berriak jartzen ditu gizartearen eskura".

Euskadi, auzolana