euskadi.eus
euskadi.eus
euskadi.eus

Euskadik Giza Eskubideen aldeko Europako Kontseiluaren 70 urteko lana ospatu du

Argitalpen-data: 

Euskadik Giza Eskubideen aldeko Europako Kontseiluaren 70 urteko lana ospatu du

1949ko maiatzaren 5ean, Bigarren Mundu Gerrak Europa suntsitu eta lau urtera, kontinenteko hamar herrialdek helburu handia zuen erakundea sortu zuten. Helburuak, besteak beste, honako hauek ziren: askatasunak babestea, bai eta balio demokratikoak eta giza eskubideak ere, eta, horrela, mundu erdi suntsitu berri duten egoerak saihestea.

70 urte geroago, Europako Kontseiluak bere horretan mantentzen ditu haren sorreraren xede izan ziren balioak totalitarismoaren aurrean; Europaren integrazioaren prozesuan funtsezko aktibo gisa finkatu da, eta, dagoeneko 47 estatu eta 830 milioi pertsona biltzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak erakunde horren sorkuntza ospatu nahi izan du, bai eta giza eskubideekin eta demokraziarekin duen konpromisoa berretsi ere, eta, horretarako, pasa den abenduaren 2an, jardunaldi bat antolatu zuen, Donostia/San Sebastiángo Kursaal Jauregian. Ekitaldiaren itxieran, Iñigo Urkullu Lehendakariak defendatu du Eusko Jaurlaritzak erakunde horrekin duen konpromisoa, eta esan du bere ustez hau dela “fundazio-balioak berreskuratzeko eta pertsonak Europako ekintzaren ardatz nagusi gisa kokatzeko unea”. “Europa aberatsa eraikitzeko aukera dugu, ongizatearen sortzailea, solidarioa, berdinzalea, aniztasunean elkartua eta maila anitzeko benetako gobernamenduan finkatua. Hala baino ezingo dugu aurrera egin Europako herrien arteko gero eta lotura hertsiagoan eta konprometitu, libreki eta kontzienteki, etorkizuneko proiektu horrekin”, esan du.

Ekitaldian Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak ere parte hartu du, eta, hartan, zenbait pertsona esanguratsu batu dira, besteak beste: Gabriella Baittani-Dragoni Europako Kontseiluko idazkari nagusi ondokoa, Manuel Monttobio erakundeko ordezkaria eta Simon Tonelli Lankidetza Juridikoaren Alorreko zuzendaria. Pertsona horiek guztiek zenbait gai aztertu dituzte, besteak beste: Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziaren eragina, lurralde-demokrazia eta -kohesioa, tokiko autonomiaren Europako Gutuna eta Europako Kontseiluak balio demokratikoen eztabaidari emandako erantzuna.

Euskadiren kasuan, Lehendakariak azaldu du Euskadiko Kanpo Harremanak direla Eusko Jaurlaritzak Europako egiturarekin duen konpromisoaren adibiderik onena, eta zenbait ekimen nabarmendu ditu: Kanpo Harremanetarako Plana, “Euskadi Basque Country 2020” Nazioartekotze Estrategia eta Nazio Batuen Agenda garatzeko Euskadi Basque Country 2030 Agenda eta garapen jasangarrirako 17 helburuak, besteak beste. Gainera, Eusko Jaurlaritzak zenbait proiektutan parte hartzen du, esaterako: SHARE proiektua, Pirinioetako Lan Komunitatea, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdea. Eta, gainera, Europako eskualdeekin dihardu elkarlanean, maila anitzeko gobernamenduaren alde.

Jardunaldiaren izenburua “Europako Kontseiluaren 70. urteurrena: giza eskubideak eta demokrazia” izan da, eta, hartan, Tatiana Termaci Europako Kontseiluko Nazioarteko Koordinazioaren eta Lankidetzaren Alorreko zuzendariak, Ana Salinas Giza Eskubideen Europako Auzitegiko ad hoc epaileak, Herwig van Staa Eskualdeetako Lantaldeko presidenteordeak, Jokin Bildarratz Europako Kontseiluko Parlamentuko Batzordeko kideak eta Gemma Pinyol-Jiménez Instrategies-eko Migrazio Politiken eta Aniztasunaren buruak parte hartu dute.

Europako Kontseiluak Estrasburgon du egoitza, eta Europan giza eskubideen inguruko nazioarteko erakunde nagusia da, eta Giza Eskubideen Europako Konbenioan eta Europako Gizarte Gutunean oinarritzen da.

 

Euskadi, auzolana