Arku Atlantikoaren Batzordeak Europaren bermea eskatu dio Makroeskualde Atlantikoari

Argitalpen-data: 


      Cardiff_1.jpg
  • Euskadi Arku Atlantikoaren Batzordearen Batzarreko burua da egunotan Cardiffen (Galesen). Brexitaren ondoren Erresuma Batuan egiten den lehenengoa da
  • Bileran behin betiko bultzada eman zaio Makroeskualde Atlantikoari, eta bere lehentasunak eta gobernantza-eredua zehaztu dira
  • Proposamena EBko Espainiaren Presidentetzara bidaliko da, bere agendan proiektu hau lehentasun politiko gisa txerta dezan eta haren sorrera bultza dezan Kontseilu Europarraren bermearekin

Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza izan da, gaur, lehendakariaren izenean, Arku Atlantikoko Batzordeak-AABk Cardiffen (Galesen) egiten duen Batzar Nagusiko burua.

Bileran – Brexitaren ondoren Erresuma Batuan egiten den lehena – Batzordeko kide diren gobernuen kanpo-ekintzako arduradunek, Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako presidente Cees Loogenek, Europako Parlamentuko kide batek eta Quebec-eko gobernuaren ordezkari batek hartu dute parte. Horiek guztiak Galesko ministro nagusi Mark Drakefordek hartu ditu, anfitrioi gisa.

Marian Elorzarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Cardiffen izan dira Mikel Anton, Europar Batasunerako zuzendaria, Marta Marin, Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaria, eta Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria. Azken horrek saioetako batean parte hartu du.

Galesko hiriburukoa Batzar erabakigarria izan da AABarentzat, bertan adostasun zabalarekin onartu baita Adierazpen bat, Makroeskualde Atlantikoaren konfigurazioa ezartzen duena eta bere lehentasunak eta gobernantza-eredua finkatzen dituena. Gainera, EBko Espainiaren Presidentetzari eskatu dio agendan sar dezala proiektu hori, lehentasun politiko gisa, eta Europako Kontseiluari, berriz, argi berdea eman diezaiola ekimen hau abian jartzeari.

Marian Elorzak hasiera-hitzaldian gogorarazi duenez, une hau “giltzarria eta egokia” da Atlantikoko lurraldeen interesak defendatzeko eta haien arteko lankidetzari “izaera estrategikoagoa” emateko. Hori guztia etorkizuneko itsas erronkei, klimatikoei, digitalei eta gizarte-erronkei aurre egiteko eta, aldi berean, Europako esparruan Atlantikoaren “marjinalizazio” gero eta handiagoari aurre egiteko.

“Atlantikoaren interesek pisu handiagoa izatea merezi dute Europako agendan. Gobernu-maila guztiek lankidetzan jarduteko esparru bat behar dugu, borondateak eta ahaleginak bateratuz, adostutako lehentasunak identifikatuz eta horien inguruan modu koordinatuan lan eginez —bakoitzak bere arduratik— esan du Eusko Jaurlaritzako arduradunak.

Lehentasunak eta gobernantza-eredua

Gaur arratsaldeko lehen orduan onartutako Adierazpenean, Arku Atlantikoaren Batzordearen iritziz Makroeskualdeak izan behar dituen lehentasunak ezartzen dira. Honako hauek dira: ekonomia atlantiko berritzaile eta jasangarria; elkarri lotutako zona atlantikoa; klima-aldaketarekiko erresistentea; gizarte- eta kultura-kohesioa; eta eremu atlantikoko gobernantza eta lankidetza hobetzea. Azken puntu horri dagokionez, testuak eskualdeek eta autonomia-erkidegoek etorkizuneko makroeskualdearen gobernu-organo guztietan parte hartzearen alde egiten du, edo politika publikoen eraginkortasuna bermatzearen alde, edo eragile sozioekonomiko atlantikoak ere inplikatzearen alde.

Euskal presidentetza

Beste une batean, Iñigo Urkullu lehendakariaren izenean parte hartu duen Marían Elorzak Arku Atlantikoko Batzordeko euskal presidentetzak izan dituen mugarri batzuk berrikusi ditu, Euskadiko bigarren agintaldiko lehen urtea betetzen denean.

Hala, epe horretan, lankidetza trasatlantikorako proiektu pilotua abiarazi da, Europako Parlamentuaren abala eta Batzordearen oniritzia dituena; Atlantikoan itsasoko energia berriztagarriak sustatzen eta hedatzen aurrera egin da; eta, besteak beste, EBko erakundeen eta foroen aurrean EELren ikusgarritasuna areagotu da.

Informazio gehigarria